Posted by: eleuskaltegi | 2009/07/02

Astirik gabe

Denbora asko daramat idatzi gabe, badakit.

Pasa den ostiralean izan zen euskaltegiko azken eguna…. eta uste nuen orduan denbora gehiago izango nuela idazteko, baina oker nengoen. Lehen baino okerrago nabil!

Horregatik hau ohartxo bat besterik ez da izan,  zuek ikusteko ez nagoela oporretan.

Zin dagizuet asteburuan berriro egongo naizela zuekin, gauza asko kontatu behar dizuet eta!

Posted by: eleuskaltegi | 2009/06/09

Euskal literatura: nire hazitxoa

Tamalez, gaur egun euskaraz irakurri nahi dugunean, ez daukagu aukera handirik. Izan ere, literatura gutxi dago euskaraz idatzita, eta, esan beharra dago jende berria idazten hasi bada ere, eta itzulpenak egiten hasi diren arren, beti idazle berak direla; oso onak, baina idazle berak azken finean.

Era berean, liburu  bati buruzko informazioa interneten bilatzen dugunean, ez dugu asko aurkitzen, eta, niri, behintzat, eleberri bat erosi baino lehen gustatzen zait sarean begiratzea jendeak zer pentsatzen duen liburu horren gainean.

Hori guztia dela eta, nik uste dut daukagun euskal literatura babestu eta sustatu beharra dagoela, eta horretarako gure inguruan dauden aukera guztiak aprobetxatu behar ditugula.

Internetari berriro helduz, esango dizuet nik neure bidea aurkitu dudala irakurtzen dudana partekatzeko, eta horrela gure literatura bultzatzeko. Ni  colaBLOGadore bihurtu naiz.

Orain dela gutxi jakin nuen Metropolis Libros liburudendak abian jarri berri zuela proiektu bat literatura bultzatzeko kolaboratzaile gisa. Nik, aspaldi ezagutzen nuenez dendaren arduraduna, esan nion parte hartu nahi nuela euskarazko liburuak komentatzeko.

Izan ere, nire lagunak irakurtzen dituen liburuak Metropolis Libros-en blogean komentatzen ditu, baina, euskara ez dakienez, euskaraz idatzita daudenak ez dira agertzen, eta horrek amorru handia ematen dio. Beraz, proiektuan parte hartu nahi nuela esan nionean poz-pozik hartu zuen proposamena .

Horrela, orain blog honetan liburu bati buruz hitz egiten dudan bakoitzean Metropolis Libros-en ere agertzen da komentarioa  bisitari euskaldunek neure iritzia irakur dezaten.

Ergelkeria bat dirudien arren, ni oso harro nago nire hazitxoa jartzen ari naizelako liburuak euskaraz irakurtzera bultzeko. Anima zaitezte!, eta parte hartu horrelako proiektuetan. Behar ditugu eta!

Euskara azterketa egiteko izena eman bazenu, jakin dezazun azterketa eguna uztailaren 4an ezarri dela, larunbatean.  BECen izango da, baina oraindik ez dakigu ordutegia.

Osakidetzak onartuen zerrenda argitaratu du, beraz, azterketara joan baino lehen baieztatu zure izena hor dagoela.

Posted by: eleuskaltegi | 2009/06/01

EZTIA ETA OZPINA – Patxi Zubizarreta (Alberdania)

Eztia eta OzpinaGaurko liburua bi aldiz irakurri dut. Ez , ez da lehenengoan asko gustatu zitzaidalako, baizik eta aspaldi irakurri nuelako eta ez nuen ezer gogoratzen.

Esan beharra dago, ni nahiko despistatua naizela, eta berehala ahazten zaidala irakurtzen dudana. Hala ere, zuek ni bezalakoak ez bazarete, liburu honetan irakurriko duzuena betiko gogoratuko duzue. Are gehiago esango dizuet,  inmigrazio gaia gustuko baduzue, hau da zuen liburua.

Liburuan agertzen den laburpena edo hitz aurrea: ez dago

Nire laburpena edo iritzia: Nik beti galdetu diot neure buruari zerk bultza daitekeen atzerritar bat bidaia luze eta arriskutsu bat egitera, gaizki atera daitekeela dakien arren. Erantzuna gaurko liburuan aurkituko dugu. Gaurko protagonistak Selim du izena, eta Morocoko herrizka batean bizi da. Noizean behin herrira itzultzen da Frantziara diru bila joan zen bere anaiaren lagun bat, auto eder batean, eta patrikak gozokiz beteta. Pertsona horren aberaztasuna ikusita,  Selimek erabakitzen du berak ere Frantziara joan behar duela lan duin baten bila, gero poltzikoak diruz beteta bueltazeko. Erabakia hartuta, bere bidaia egiteari ekiten dio. Halere, laster bertatik bertara ezagutuko ditu bidaiaren arriskuak, baita une onak ere. Horrela, bizitza batzuetan eztia dela eta beste batzuetan, berriz, ozpina dela baieztatuko du. Hori bai, jakin nahi baduzue ea Selimek lortzen duen, liburua irakurri besterik ez daukazue.

Posted by: eleuskaltegi | 2009/05/29

Ikusi mendizaleak

Gaur aurkeztuko dizuet abestia oso aproposa da mendirako: Ikusi mendizaleak.

Nahiz eta oso ezaguna izan, ez dakit norena den. Badakit euskal musika talde askok abesten duela; Oskorrik, besteak beste. Halere, letra nork asmatu zuen sekretu bat omen da.

Abesti hau entzuten dudan bakoitzean gogoratzen ditut eskolarekin Gorbeira joaten nintzeneko garaiak. Zer ondo pasatzen genuen!. Ibilaldia egitean abesti horrek gure pausoen erritmoa markatzen zuen, eta, horrela, oraindik arnasarekin tontorrera heltzen ginen arazorik gabe. Hori dela eta gaurko kanta gomendatzen dizuet mendian abesteko, gogorrak diren mendi horiek konkistatzeko, eta behin goian, abestiak esaten duen moduan, gure paisai ederrak  miresteko. Beraz, badakizue, gaur, osteguna izanda, oraindik daukazue denbora abestia ikasteko igandean lagunekin abesteko.

Ikusi mendizaleak

Melodia nolakoa den jakiteko, hemen duzue you tuben aurkitu dudan karaoke moduko bat, horrela entrenatuko duzue.

 

Bai, hala da.

Ika euskaltegiak hitzordua dauka Sagrario Aleman euskaltzainarekin maiatzaren 27an Zaldiaran euskaltegian.

Dirudienez, Sagrario irakaslea eta zuzendaria da Iruñeko Arturo Campion euskaltegian, eta 2007an sartu zen euskaltzaindian. Ikako irakasle izanda, aukera eman digu euskaltegiko talde batzuei datorren asteazkenean berarekin solasaldi bat edukitzeko. Hizordua 12etan izango da, eta irrikan nago.

Antza, euskaltzaindia zer den kontatuko digu, eta horretaz gain, galderak egiteko aukera izango dugu.

Arazoa da nire irakasleak badakiela zer iritsi daukadan euskaltzaindiari buruz. Nahiz eta berak jakin txantxetan nagoela, San Benitoarekin gertau naiz. Ondorioz,  pasa den ostiralean “totxo” bat eman zidan etxean irakurtzeko. Eta nik uste dut mendekua izan dela, zeren eta irakurketa Sagrario euskaltzain izendatu zuteneko diskurtsoa baita, hau da, ulergaitza eta luze-luzea.

Horrez gain, irakasleak esan dit aprobetxatzeko Sagrarioari galderak egiteko, eta ni, txakur zankaria gutxitan hozkaria. Beraz, badaezpada, ni isil-isilik eta zintzo egongo naiz. Gainera, kontuan hartu, ekainaren 6an egin behar dudala EGAko ahozkoa, eta, nork daki, egoera horretan egonda, hobe ezer ez esatea. Badakizue, Bilbokoek kontrakoa esaten duten arren, Euskal Herria oso txikia da…eta…Todos conocen a elkar…(Barkatu, Sagrario)

Posted by: eleuskaltegi | 2009/05/24

Ganbarako altxorrak

Beti pentsatu dut etxe baten ganbara munduko lekurik interesgarriena izan daitekeela

Nire ganbarara oso gutxitan igotzen naiz, ez dit-eta grazia handirik egiten hara igotzea igogailurik gabeko 4. solairu batean kokatuta dagoelako. Gainera, hor goian ez daukat gauza askorik,  hori betetzeko denborarik ez baitut izan. Izan ere, orain dela 5 urte erosi nuen etxea, beraz, mementuz lekua daukat 5 urte horietan izan ditudan oroitzapenak etxe barruan gordetzeko.

Egia esan, ganbarara bitan besterik ez naiz igo. Lehengoa izan zen agentziakoak pisua erakutsi zidanean: Aita eta biok joan ginen elkarrekin etxea ikustera agentziako tipoarekin. Etxebizitza ikusita 4. solairura igo ginen ganbara ikustera. Tipoak atea ireki zuenean nik trastez betetako gelatxo bat ikusi nuen, aitak, aldiz, gauza erabilgarriak. Agentziakoak esan zigun nahi izanez gero gauza horiekin gera gintezkeela, bestela EMAUSekoei deituko ziekeela dena hortik ateratzeko. Aita eta alabaren arteko ikuspuntu desberdin hartan nik ez nuen erabakitzeko aukerarik izan, zeren eta konturatu baino lehen aitak jadanik esan zion traste horiekin geratuko ginela. Aita gorroto egin nuen. Halere, esan beharra dago, bi urte ondoren berari esker igo nintzela bigarren aldiz ganbarara: EMAUSekoei atea irekitzera aitak uztitako traste guztiak eraman zitzaten

Gurasoen ganbarara, aldiz, maiz igotzen naiz iraganako sentimenduz beteriko leku horrek benetan unkitzen nauelako. Haiek gauza asko dauzkate hor goian, gehiegi, esango nuke, den-dena gordetzen baitute. Aitortu behar dut askotan ez dudala ulertzen zergatik egiten zaigun hain zaila gauzak botatzea. Batzuentzat trasteak botatzea bizitzaren une onak ezabatuko bagenitu bezala ikusten dute, eta, antza, horrela pentsatzen zuten nire gurasoek edozein motatako gauzak gordetzen hasi zirenean. Horrela izanda, orain, ganbarara sartzen naizen bakoitzean nire haurtzarora itzultzeaz gain, gurasoen gaztaroa ezagutzeko aukera daukat: haien garaiko hautsez beteriko arropa iluna, nire txikitako jolasak, “vinilo” zaharrak, eta armiarmaren bat, besteak beste.

Dirudienez, ganbaran gauzak gordetzeko joera uste baino zabalduago dago. Horren adibidea da “anonimo” batek  utzi zidan liburu bat, ganbaratik jeitsi berria. Berak ez zidan ezer esan behar izan nik asmatzeko nondik atera zuen. Liburuaren orriak ikustean asma genezakeen zaharra zela, eta horrek zeukan kiratsak agerian uzten zuen liburuaren jatorria. Gainera, liburuak berak esaten zigun aspaldi idatzita zegoela. Izan ere, ireki nuenean euskara ulergaitza topatu nuen, aintzinako euskara nire mailarako, edo “Veleia”ko euskara nahi baduzue, hau da, altxor bat.

Hona hemen ganbarako altxorra:

ganbarako altxorra 

Esan behar dizuet liburu hori nire eskuetara heldu zela klasean kama-sutra aipatu genuelako. Gure anonimoak esan zidanean euskaraz zeukala, jakin-mina izan nuen bi arrazoirengatik: Lehenengoz, munduko jende guztiak ez bezala nik inoiz ez nuelako irakurri. Eta, bigarrenik, ezin nuelako sinetsi euskaraz idatzita egotea. Beraz, ganbaratik ekarri zidanean, irrikan hasi nintzen gainbegiratzen. Ez nuen espero irakurri nuena. Nik uste nuen kama-sutrak irudi erotikoak besterik ez zeukala, eta liburua irekitzean harritu ninduen hainbeste testu ikusteak. Esan behar dizuet oraindik ez dudala osorik irakurri, baina ikusi ditudan pasarteak aho bete hortz utzi naute. Zuek ulertzeko pasarte bat idatziko dizuet:

Titulua: I. EZTAIEZ ETA EZKONTZAZ

…”Ez da emazte hartuko ezkontza eskera joandakoan lo dagoen, nigarrez ari den, edo etxetik atera den edo besteri hitza emana dagoen neskutsa bat.

Era berean emakume hauek ez dira hartuko kontuan:

Ezkuruan gorde dena.

Izen entzuntxarrekoa duena.

Sudur zapala duena.

Sudurretako leihoak handiak dituena.

Gizonezko itxurak dituena.

Okertuta ibiltzen dena.

Iztar okerrak dituena.

Kopeta irtena duena.

Burusoila dena.

Garbitasuna maite ez duena.

Besteren bizikide izan dena.

Gulma sufritzen duena.

Zerbaitegatik itxuragabetua dagoena.

Pubertate osora iritsi dena.

Adiskidea dena.

Ahizpa ttikien dena.

Varshkari bat dena.

Ezta hogeitazazpi izarretako beten, zuhaitz baten edo ibai baten izena daramana ere, berdin bere izena l edo r-z bukatzen den neskutsa ere, zeren hauetako inork ezer asko balio duenik ez da uste.

…”

Bitxia, ezta?. Ezin dizuet esan non erosi euskarazko kama-sutra. Niri utzi zidaten alea Elkar argitaletxearena da, baina ez dakit gaur egun argitaratuko duen. Bestela, galdetu lagunei, ziur asko norbaitek edukiko du ganbaran.

Azken gauza bat. Oraindik galdetzen diot neure buruari zergatik nire anonimoak ez du nahi bere izena esatea. Ni, liburua ganbaratik atera duela kontuan hartuta, jadanik erabiltzen ez duelakoan nago. Badakizue, lehen esan dudanez, ganbaran oroitzapenak eta iraganako gauzak gordetzen ditugu. Beraz, kamasutra bere iraganako oritzapen bat izango ote da?.

Posted by: eleuskaltegi | 2009/05/11

Krisialdia euskaltegira heltzen denean

Krisiari buruz asko hitz egin dugu azken bi urteontan. Kaletik, telebistatik, irratitik…txoko guztietatik jaso dugu gaur egun daukagun ekonomiarekiko ikuspuntu ezkor hori

Nik, egia esan, ez dut aldaketa handirik nabaritu nire poltsikoan, beti bezala bainabil, hau da, hipoteka ordaindu ezinik. Hala ere, egia da lanean gero eta lehiakor garela.

Azken bolada honetan jendea ez da ausartzen lehioak aldatzera, erremediorik ez daukatelako aldatu behar duten komuneko leiho hori besterik ez dute aldatzen. Beraz, negar egin beharrean, gu lehen baino gehiago borrokatzen ari gara bezeroak erakartzeko. Horretarako aurrekontu bat ematen dugun bakoitzean, horrekin batera sartzen dugu gutun azalean komuneko mamparak aldatzeko eskaintzak; horrez gain, ikastetxetara gutunak bidaltzen ditugu oporretan leihoak aldatzeko, ikasleak ez daudenean. Laburbilduz, ez zaigu inporta abuztuan lan egitea horri esker lan egiten badugu.

Aldiz, beste enpresa batzuk gu baino lehiakorrak gara eta gu baino ausartagoak dira. Hau da, jatetxe batera joaten badira hor uzten dute haien publizitatea arazorik gabe, ileapaindegira joaten badira, hor ere gauza bera egiten dute. Horrela, jakin dezakezu langile batek zer ibilbide egin duen bakarrik lekuetan utzi duen publizitatea jarraituz. Ni, berriz, oso lotsatia izan naiz beti gauza horiek egiteko.

Hala eta guztiz ere, aurreko egunean jakin nuen ekonomiaren egoera larri samar zegoela inoiz egin ez dudan gauza bat egin nuenean: euskaltegian publizitatea utzi nuen.

Osteguna zen, eguerdiko hamabiak aldera euskaltegiko bulegoan sartu nintzenean. Lotsati, gauza txar bat egiteko zorian egongo banintz bezala bulegariari hamaika aldiz etseatu nuen galdera bota nion: – Barakatu, baina lanean publizitatea egin dugu, eguteagiak dira eta erderaz eta euskaraz daude… Kanpoko mahaian utz ditzaket?, badakizu…, krisian gaudenez…-. Bulegariak: – Bai, noski, ez dago arazorik-. Ni, oraindik izerditan lotsagatik, klasera itzuli nintzen. Halere, begiratu nolakoa naizen, zeren eta klaseak bukatu baziren ere, ez nintzen ausartu egutegiak mahaian uztera.

Hurrengo egunean, ostiralean, erabaki nuen behingoz egin behar nuela. Beraz, euskaltegira heldu nintzenean oraindik inor ez zegoenez, pentsatu nuen hori zela mementurik aproposena. Eta sagutxu bat izango banintz bezala, korrika eta isilka hurbildu nintzen mahaira nire eginkisuna burutzera. Egin nuen, eta orduan lasaiago sartu nintzen klasera euskalduntze prozesuarekin jarraitzeko.  

Beraz, ikusi duzuenez krisiak erronka berriak ekarri dizkigu autonomooi. Inoiz egingo ez genukeen gauzak egin behar ditugu-eta.

Orain, egun batzuk pasata, galdetzen diot neure buruari: – Baina, Elena, zuk uste duzu berrogehita hamar egutegi mahaian utziz krisialdia eten egingo duzula?. Ez dut uste, baina behintzat lehen baina ausartuagoa naiz. Horren adibidea da gaur aukera aprobetxatuko dudala hemen ere laneko publizitatea egiteko; Zer demontre!.

Azken gauza bat: mementuz ez daukagu webgunerik, baina oso atseginak gara.

egutegia-aurrean egutegia-atzean

Posted by: eleuskaltegi | 2009/05/07

Egiten duzunak zerbaiterako balio duela ikusten duzunean

Gehienetan gauzak egiten ditugu egin nahi ditugulako, besterik gabe. Eta egia da zure gozamenerako besteen gozamenerako ere  izan daitekeela ikusteak poza handia ematen digula. Horixe gertatu zait orain dela minutu batzuk ikusi dudanean Irukide ikastexearen blogean nirea komentatu dutela.

Hori ikusita, jakina, weborria bisitatu dut, eta oso polita iruditu zait. Beraz, animatzen zaituztet hori bisitatzera

Posted by: eleuskaltegi | 2009/05/04

Hau bizitza hau!

Hau bizitza hau!, nork esango lidake aldizkari batean agertuko nintzela?

Blogean nire lehenengo urratsak ematen ari nintzela, HABE aldizkaria harremanetan jarri zen nirekin. Esan zidaten blogaren berri izan zutela eta elkarrizketa bat egin nahi zidatela aldizkarian argitaratzeko. Ni harrituta geratu nintzen, eta aitortu behar dut  ilusio handia  eman zidala.

Baietza eman nien, eta laster galdera batzuk bidali zizkidaten. A zer mementu!. Beste egoera batean galdetuko bazidaten blogari buruz, lasai askoz erantzungo nien, baina jende askok irakurriko zuela  banekienez , urduri jarri nintzen. Ez nekien nondik hasi, ezta nola ere, ondo pentsatu behar bainuen zer esan eta nola esan nahi nuen, eta, gainera akatsik ez egiten saiatu behar bainintzen.

Hori dela eta, pentsatu nuen arazo batean sartu berri nintzela proposamen hori onartzean,  zeren eta nik blogean idazten dudanean lasai eta naturalki idasten baitut, bat-batean bururatzen zaidana idazten dut akatsei eta egiturari asko erreparatu barik; Halere, elkarrizketa horri erantzunak emateak buruko mina eragin zidan. Azkenean “zerbait” idatzi nuen.

HABEkoek esan zidaten erantzunekin batera argazki “polit” batzuk bidaltzeko; Hots, bigarren arazoa. Nik uste dut arazoa izan zela “polit” hitza erabiltzea. Bai, nik argazki ugari neuzkan, baina politak…ez ziren oso politak. Hasi nintzen argazkiak aukeratzen eta ez nuen ezer aurkitzen. Egia esan gehienetan ezinezkoa zen ni ezagutzea, mendian edo elurretan aterata baitziren, beraz, kaskoa, bisutsarako betaurrekoak, eta braga sudurreraino, ez zegoen Elena nork ezagutuko zuenik.

Argazkia aukeratuta hirugarren arazoarekin egin nuen topo: teknologia berriekin. Irudia bidalita HABEko neskak (mila esker pazientziagatik) esan zidan ea argazkiaren tamaina handitu nezakeen aldizkarian ateratzeko beste neurri batekin behar zutelako. Esan nion saiatuko nintzela, eta horri ekin nion. Infranview programa neukan, eta horrekin ibili nintzen nire saiakerak egiten. Neurria handitzea lortu nuelakoan berriro bidali nion neskari. Hurrengo egunean mezu bat neukan ondorengo tituluarekin: bueltaka argazkia dela eta!. Eta nik, ezin da egia izan. Bada, egia zen, hasierako neurri berberarekin bidali omen nion.  Berriro ireki nuen infranview hori, eta dirudienez, behingoz lortu nuen.

Arazoak arazo, hilabete honetako aldizkarian argitaratu dute, hona hemen emaitza:

elkarrizketa1elkarrizketa2

Esan dizuedanez, ez naiz oso ondo moldatzen irudiekin, eta badakit oso txiki ikusten dela, beraz irakurri nahi baduzue: HABE aldizkaria – Apirileko alea

 

Older Posts »

Categories