eleuskaltegi-(e)k argitaratua | 2009/10/25

El Euskaltegi estreinatzen da

Dakizuenez, azken hamarkadan aldaketa handi bat nabaritu dugu gure bizitzan, Internet izeneko gauza ulergaitz bat gure etxeetan sartu delako. Ez dakigu zehazki zer den, ezta nola demontre funtzionatzen duen; Halere, badakigu bizitza erraztu digula. Izan ere, kontu korronteak kontsulta ditzakegu banketxera joan gabe, erosketak egin ditzakegu supermerkatura hurbildu barik, eta lagunekin hitz egin dezakegu nahiz eta telefonorik eduki. Hau da, ez gara etxetik mugitu behar eguneroko eginbeharrak burutzeko. Eta hori gutxi ez bada, gizarte sareak ditugu are alferrago egiteko.

Nik orain dela gutxi ezagutu nuen mundu berri hori, eta egia esan, ez nuen oso gustuko, ez nuelako ulertzen zergatik jendeak behar zuen leku birtual bat “kafea hartzeko”. Izan ere, nik ikusten nuen hor hitz egiten zuen jendeak kafetegi bateko solasaldiak zituztela, eta askotan pentsatzen nuen: “-eta zergatik ez dira elkartzen taberna batean ordenagailuaren aurrean arratsalde osoa eman beharrean?-“. Baina pixkanaka ikusten hasi nintzen hitz egiteko toki bat baino gehiago zela; urruneko lagunekin harremanetan jartzen zirela, partaideek zaletasunak trukatzen zituztela, argazkiak konpartitzen zituztela, eta test tontoren bitartez haien jakin-mina asetzen saiatzen zirela.

Hori dela eta, gizarte sareak tontakeria bat izatetik mundu bitxi bat izatera pasatu dira niretzat, eta horren adibidea da hemendik aurrera El Euskaltegi bloga Facebook-en daukazuela. Horrela, nire asmoa da leku bat edukitzea komunikatzeko, ideiak trukatzeko, kritikatzeko, eta beharrezkoa bada, askok edukiko duzuen kokoteraino nago euskararekiko pentsamendua barrutik kanporatzeko. Beraz, bisita egin, eta gozatu!facebook


Utzi iruzkina

Atalak